Scroll to top
eu es

Galderak


Zure galdera guztiei erantzuten diegu

Ultrasoinuaren bidezko hortzen garbiketa kaltegarria izan daiteke gure esmaltearentzat edota hortzetako enpasteak askatu daitezke horren ondorioz?

Ez.

Esmaltea gure gorputzeko ehun gogorrena da, hezurra bera baino gogorragoa, hain zuzen ere. Horregatik, esmaltea zulatu ahal izateko, bira handiko “fresak” erabili behar dira.

Ultrasoinuak, bere dardarraren bitartez, sarroa askatzen du. Hortaz, bere potentzia egokia bada, ez du ez esmaltea urratzen ezta ere zulatzen. Nolanahi ere, oso garrantzitsua da urarekin erabiltzea, hortza gehiegi berotzea ekiditeko.

Enpastea ondo eginda badago, garbitu bitartean ez du inolako kalterik jasango. Beraz, noizbait askatuko balitz, ondo ez zegoela eta konpondu egin behar zela adieraziko luke.

Hortzetako erradiografien erradiazioa arriskutsua da osasun orokorrerako?

Babes-neurriak betetzen badira, ez dago apenas arriskurik. Hau da, erradiazio-parametroak ondo doitzea eta berudun mantala edo lepokoa erabiltzea haurdunekin, umeekin eta tiroideetako arazoak dituzten pazienteekin.

Aho barruko erradiografiek irradiatzen duten dosia oso urria da (0,005 msv), eta bi banana jatea bezela da gutxi gorabehera (0,004 msv)

Erradiografia panoramikoek 4 bat aldiz erradiazio handiagoa dute aho barrukoek baino, baina hegazkinez egindako bidaiak erradiazio altuagoa dauka (0,2msv eta 0,5msv artean).

CBCTren (eskanerra) erradiazioa 5 msv-koa denez, hiriko eraikin batean bizitzea (7 msv) baino txikiagoa da oraindik.

Fluorra segurua eta eraginkorra da gure hortzetarako?

Egiaztatuta dago fluorrak hortzetako txantxarretik babesten dituela hortzak. Hori dela eta, kontzentrazio txikietan erabiltzen da uretan (0,7-1,2 ppm) nahiz hortzetako pastetan (1100-1200 ppm). Edonola ere, bere kontsumoa mugatu beharra dago, larregizko fluorra arriskutsua izan daitekeelako osasunerako (eguneko 4 mg baino gehiago helduentzat).

*Aztertu egin daiteke txantxarra edukitzeko arrisku handia duten gizabanakoei fluor-gehigarriak eman ahal zaizkien ala ez, urek, esaterako, fluorrik ez daramatenean.

Haurdunaldia eta hortzen galera. Mitoa edo errealitatea?

Sinismen faltsua da, haurdunaldiaren ondorioz zuzenean hortzak galtzen ez direlako. Edonola ere, egia da haurdunaldian zenbait aldaketa gertatzen direla gorputzean eta eragin kaltegarria izan dezaketela gure ahoko osasunean, berariaz zaindu ezean.

Haurdunaldian, aldaketa asko ematen dira, esaterako; egoera fisiko eta psikikoan, hormonalki, elikaduran, emozionalki, ziklo zirkadianoarekin lotutakoak (loaldia) edota ahoko mikrobiotan. Aldaketa horiek guztiek, eragina izan dezakete ahoa zaintzeko ditugun ohituretan, eta, horren ondorioz, alterazioak gertatu daitezke.

Esate baterako, “apetak” direla eta azukre gehiago jatean, txantxar berriak agertu daitezke. Era berean, sarriagotan jatean hortzetan bakterio-plakak luzaroago dirauenez, gingibitisa garatzeko aukera handiagoa da. Halaber, gonbitoek eta goragaleek eragin kaltegarria dute gure esmaltean. Horregatik, arrazoi handiagoz gomendatzen da haurdunaldian dentistarenera joatea eta hortzetako profilaxia egitea.

Anestesiadun tratamenduak egin daitezke haurdunaldian?

Behar bezala erabiltzen badira, haurdunaldian ez dira ohi baino arriskutsuagoak.

Erradiografiak egin daitezke haurdunaldian??

Bai, larrialdietan, infekzio larrietan, esaterako, hortzetako diagnostikorako ezinbestekoa denean, osasun orokorra lehenesten delako. Hala ere, haurdunaldiko 1. eta 3. hiruhilekoan ekidin behar dira, epealdi horietan umekiaren jarduera genetikoa handiagoa delako.

Esneko hortzetako txantxarrak tratatu behar dira?

Bai, haien esfoliazio-aldia 3-6 hiletik gorakoa denean.

Ahoan txantxardun hortzak luzaroan edukitzea ez da onuragarria. Batetik, bakterio infekziosoz kutsatzen ari garelako gainerako pieza osasuntsuak, eta, bestetik, txantxarrak hedatu egiten direnez, infekzioak sortu eta era berean, gero irtengo diren behin- betiko piezak kaltetu daitezkelako.

Amagandiko edoskitzea eta txantxar goiztiarrak.

Beste mito faltsu bat da. EZ DAGO amagandiko edoskitzeak umeei txantxarra sorrarazten diela dioen NABARITASUN ZIENTIFIKORIK. Izan ere, amaren esneak ez dauka osagai kariogenikorik, guztiz kontrakoa baizik, hau da, umetxoaren immunitate-sistema suspertzen duten osagaiak.

Txantxarra, karbohidrato ugaridun elikagaiak, batez ere, ekintza metaboliko azkarreko monosakaridoak jateagatik sortutako erasana da. Elikagaiek %14tik gora azukre dutenean, arrisku kariogeniko HANDIKOAK dira.

Amagandiko edoskitze esklusiboa gomendatzen da bizitzako lehenengo sei hilabeteetan eta, horren osagarri, beste elikagai batzuk jatea 2 urte edo gehiago bete arte, hau da, amak eta umeak nahi izan arte.

Noiz arte da kaltegabea txupetea erabiltzea?

Ez da gomendagarria 2 urte bete ondoren txupetea erabiltzea, aldaketak sortzen dituelako umetxoaren haginkadan (aurreko haginkada irekia), hizkeran eta irensketan.

Biberoiagatiko goranzko txantxarrak.

Antzina, eztiaz eta beste azukre batzuen bidez gozatzen ziren biberoiak. Plazebo eran erabiltzen ziren, umetxoa lasaitu eta errazago lokartzeko. Dena dela, ohitura horrek eragin kaltegarria dauka hortzetan, hartu ondoren hortzak garbitu ezean, txantxar zabalak eta oldarkorrak sortzen direlako eta zailtasunez tratatzen direlako hain umetxo txikietan. Hori dela eta, hortzak goiz galtzeko arrisku handia dago, beste ondorio handiago batzuk sortuz; esate baterako, arazoak irensketan, hizkeran eta behin betiko hortz-haginetan.

Noiz hasi behar da odontologiako aldian aldiko azterketak egiten?

Lehenengo hortzak irtendakoan. Horrela, umetxoa odontologiako kontsultetara ohituko da, eta etorkizuneko arazoak saihestuko ditugu; esate baterako, beldurra eta ikara. Horrez gain, lesioak fase goiztiarretan antzeman ditzakegunez, errazagoa da tratamendua.

Nola garbitzen dira umetxoen hortzak?

Elikadura osasungarria eta orekatua bada, 0 – 2 urteko umetxoek oro har, ez dute zainketa berezirik behar, oso zaila delako hortzak garbitzea. Hala ere, janari-hondar asko metatzen direla ikusten badugu, oia eta hortzak garbituko dizkiogu uretan hezetutako berariazko eskularruaz.

Bi urte betetakoan, ahoa nola garbitu behar duten irakatsi beharko diegu. Horretarako, buru txikia duen eskuila biguna eta bere adinerako egokia den hortzetako pasta erabiliko ditugu. Hobe da zaporea atsegina izatea eta fluor-kontzentrazio handirik ez edukitzea, pastaren zati handiena irenstea kaltegarria izan daitekelako haien urdailerako. Gero, ur ugariz garbitzea gomendatzen da, eta, azkenik, helduak hortzetan janari-hondarrik geratu ez zaiela ikuskatuko du.

Hezur gutxi badaukat, badut inplanteak jartzerik?

Norberak duen hezur-galeraren mailaren araberakoa da. Ahoko kirurgiako aurrerakuntzei esker, hezur-galera larriko kasu asko inplanteen bidez konpondu daitezke hezurra birsortuz.

Hezurra birsortzea erraza izan daiteke galera txikia denean, eta, oro har, inplantea kirurgian bertan jarri daiteke. Galera handiagoa denean, ordea, bi fasetan burutzen da kirurgia: lehenengoan, birsorkuntza bera egiten da, eta, bigarrenean, inplantea jartzen da. Bi faseen artean, hilabete batzuk itxaron behar dira hezurra integratu arte.

Kasu bakoitza banan-banan aztertu beharko da beti. Horretarako, OTA egin beharra dago inplanteak jarri aurretik, zenbat hezur dagoen baloratzeko eta, ondoren, kirurgiako prozeduraren plangintza ona egiteko.

Zenbat denbora igaro behar da inplantea jartzen denetik koroa jarri arte?

Denbora desberdina izango da kasu bakoitzaren arabera. Batzuetan, inplantea jarri bezain laster jartzen da koroa. Hori oso ohikoa da aurreko frontean, eskakizun estetikoa handia delako bertan.

Oro har, 3-6 hilabete itxaroten dira, protesi finkoa inplantearen gainean jartzeko (6 hilabete, barailan; eta 4, goiko masailezurrean).

Nola garbitu behar dut neure hortzetako protesia?

Protesi finkoak, beti ahoan daudenak eta pazienteak kendu ezin dituenak, hortzak bezala garbituko dira.

Protesi kengarrien zainketak desberdinak izango dira, ordea.

Hona hemen zenbait jarraibide:

  • Urez eta xaboiz garbitu beti otordu bakoitzaren ondoren. Horretarako, hortzetako protesirako eskuila berezia erabiliko dugu. Xaboia edo pasta erabili nahi izanez gero, egokia izan beharko da aparaturako. Kontuan hartu beharra dago protesia erretxinaz edo erretxinaz eta metalez egiten dela eta, horren ondorioz, hortzetarako darabiltzagun produktuak urragarriak izan daitezkeela edo hortzordeak marratu ditzaketela.
  • Protesiaren egiturako atal guztiak fintasunez eskuilatu (hortzak, atal arrosa, metalezko kakoak, egon badaudenean, metalezko atala…).
  • Ahotik kendu eta gauetan protesia desinfektatu. Horretarako, farmazietan salgai dauden pastilla eferbeszenteak erabili daitezke. Protesia edalontzian sartu ur epeletan (ezin da bero egon, aparatuaren kalterako izan daiteke-eta) eta pastilla bota aldi berean. Protesia uretan utzi pastilla eferbeszentearen ekoizleak adierazitako denboran.
  • Paperezko ezpainzapiaz lehortu eta kutxan gorde.

Oso garrantzitsua da protesirik gabe lo egitea, ahoko muki-mintzek atseden hartu behar dute-eta. Bestela, ahoko kandidiasia agertu daiteke.

Nola zainduko ditut hortzetako inplanteak?

Inplanteak hortz naturalak bezala zaindu behar dira:

  • Otordu bakoitzaren ondoren, hortzak eskuilatu eta, horretarako, hortzetako eskuila elektrikoa edo eskuzkoa erabili bereizgabe. Horren osagarri, hortzetako ureztatzailea eta hortzarteko eskuilak edo haria ere erabili daitezke. Horien bidez, hortzetako eskuilaz kendu ezin izan ditugun janari-hondarrak garbitu ahal izango ditugu.
  • 6 hilean behin, aldian aldiko azterketak egin dentistarenean.
  • Urtean behin, aho barruko erradiografiak egin.

Hori guztia eginda, inplanteetan eragina izan dezaketen lesioak (periinplantitisa, adibidez) prebenitu edo haien diagnostiko goiztiarra egin ahal izango dugu.

Oro har, lesio horiek minik gabekoak direnez, aldian aldiko azterketetan antzeman ahal izango ditugu.

Hortzen kalterako izan daiteke zuriketa?

Horixe bera da geure kontsultetan sarrienen entzuten ditugun galderetako bat, eta erantzuna EZEZKOA da. Zuriketak ez die hortzei kalterik egiten.

Zuriketa zenbait produkturen bidez egiten bada ere, hidrogeno peroxidoa eta karbamida peroxidoa dira ezagunenak.

Hortzean sartzen dira haren geruzei kalterik egin gabe, eta, bertatik, oinarriaren tonua argitzen dute.

Gure eskuetan jarri

Zeure hitzordua eskatu Maiederren: